XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur egun darabilgun euskara landu edo landutzakoa hitz, aditz eta adizki endemiko xamarrez zirtakatua edo zipriztindua dago.

Are idazlerik onenak eta landuenak ere ez dira eraso edo uholde horretatik aldentzen.

Gure artean oraindik korritzen dute zenbait hitz eta aditz iratxo xamarrek. Mitxelenak hainbat lan egin zuen hitz iratxo edo ghost words direlakoak salatzen.

Hitz iratxook gure literatura idatziko pasarteak gaizki irakurri eta hiztegiratuak dira gehienak.

Hiztegietatik hiztun landu gehienon ahora ekarriak dira, moda berrizalearen bolada zoroak eraginik.

Lino Akesolo maisuaren lan bat oinarri harturik testigantza eta ondorio nabarmenagoak ekarri nahi nituzke artikulu honetan.

Arratiarrak bere Zer da Axular-en ekidin? artikuluan, ilunune bat argitu eta arrasto berri bat zabaldu zuen.

Guk arrasto horren argitan adibide gehiago emango ditugu.

Gaur eguneko euskara jaikian denon aho-mihitan dabil ekidin miragarria.

Bada honen ume are miragarriagoak erabiltzen dituenik ere, esaterako, ekidinezin eta ekidingarri, erdarazko inevitable eta evitable adierazteko.

Hitzok zabaldu zituen iturria, edo hiztegia, Xabier Kintanaren hiztegia izan da.

Honelaxe dakar euskara-erdara sailean ekidin: ad. evitar, -ado; ekidinezin: ad. inevitable; ekidingarri: adj. evitable. Alderantzizko bidea hartzen duenak, erdara-euskara sailean, evitar: ekidin, -ri itzur(i) evitable: ekidingarri, itzurgarri; inevitable: ekidinezin, noraezeko, nahitaezko, baztertezin.